17 BA..BAI kide batu ginen atzo gure 11. topaketa egunean:
Josune, Juanita, Maria Luisa, Karmelo, Ani, Marije, Juan Kruz, Jose Luis, Mari
Jose, Mari Karmen, Maribi, Jose Luis, Juan Mari, Agustin, Jon Etxebarria, Jon
GorroƱo eta Mari Asun.
Auzokoa tabernan alkartu, tragotxo bana hartu eta kontu
kontari egotalditxoa egin ondoren, Arrien tabernara joan ginen. Han be beste
egotalditxo bat egin eta gero Harizpe txokora abiatu ginen ordu biak inguruan.
Ordurako lagunarteko emakume fin batzuek mahaiak egoki ipinita
eukezan; beraz, jarri eta (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko /
topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) abestu ondoren, emon
geuntsan hasiera bazkariari: patatak errioxar erara eta makailoa errioxar
ardauaz lagunduta; eta gero tostadak, kafeak eta pattarra. Guzti honeri, bakoitzak gainezka geunkan umore
ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto: berbea ugari
izan zen gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz. Jan eta
kafeak hartu bitartean bakoitzak bere ingurukoekaz ekin eutsan berbaz eta
berbaroa etenbakoa eta animatua izan zan. Eta kontuak eta hurrengo topaketa
eguneko zehaztasunak be une horretan erabaki genduzan.
Ondoren gai potoloagoak izan genduzan berbabide,
komunikabideetatik jasotako gogoetak erreferentziatzat hartuta. Ea hareetako batzuk
zuzen jartzeko gai nazen. Beste kontu interesgarri batzuk be izango ziren,
seguru; baina nire ahalmena ez da iristen hurrunago.
- Jose Luisek munduko 7.000 hizkuntzen artean euskera ze
eskalatan jarriko geunken galdetu euskun, Kike Amunarrizek behin Tribuen Berbak
programan egin eban lez; eta danen usteak izan ondoren, euskera goi mailan,
lehen 700 hizkuntzen artean, dagoeala esan euskun. Gero Jon Sarasuaren basu
erdiaren kontua be azaldu euskun.
- Kikeren iritzia aipatuz, esan zan baita ere euskararen
berrezkuratze prozesua erreferente dela munduan, hizkuntza minorizatuentzat. “Gutxiengo aktibo hori benetan aktibo da Euskal Herrian, eta
horrela lortu dugu lortu duguna. Bada, munduko hizkuntza gutxituen artean
–katalana aparte–, euskara da erreferentzia nagusia!”. Eta gure BA…BAI
lagunartea be gutxiengo aktibo horren parte dala argi gelditu zan.
- Ikuspegi baikor edo positibo horrek inora ez garoazala ere
esan eben pertsona bik, euskaldun askoren eta erakunde publikoen jarrera
axolagabea kontuan izanik. Horren aurrean beste batek Kike Amunarrizek esandako
hau aipatu eban: “Errealitatea dena da, eta kontatu egin behar da, baina egoera
edozein delarik ere, baikorra da jarrera (Tribuen Berbak programan) eta horrela
irabazten dira partidak”.
- “Alderdi abertzaleetan, oro har,
beti daude euskara eta euskal kultura baino aurreragokotzat jotzen diren
borrokak. Hizkuntza eta kultura ez badituzu zentraltzat kontsideratzen
komunitate baten eraikuntzan, edozer da garrantzitsuago, beharrezkoago. Hizkuntza
eta kultura eguneroko bizitzatik hain aparte, hain dekoratibo ikustea larria
da, zeren jan edo ez jan, osasuntsu egon edo gaixo, hitz egin egiten da
hizkuntzaren batean. Hizkuntza bati ematen ez diozuna beste bati (erderari) ari
zara ematen” (Lorea Agirre).
- Zelan jokatu euskaldun lez zapalduak sentitzen garenean?
Zelan jokatu euskeraz ulertu bai, baina erderaz egiten deuskuenagaz? Holako
kasuetan protestatzeko edo jokatzeko era ezberdinak eta baliagarriak egon
daitezke, bakoitzak bereak izaten doguz. Baina gure artean holako esperientziak
kontatzea eta izandako jokabideak konpartitzea probetxugarria izan daiteke.
Zelan jokatu tabernan edo dendan, euskeraz eskatu eta erantzun txar bar
jasotzen dogunean? Arreta gune publikoetan, euskaldunik ez dagoenean? Eta beste
hainbat egoeretan?
- “Askotan ikusten
dudan arazo psikiatrikoa da guraso euskaldunak haien artean erdaraz egiten
dutela eta gero haurrak euskaraz hitz egitera behartzen dituztela. Esaten dute
hizkuntza maite dutela, baina egunerokoan erdararen aldeko hautua egiten dute.
Nik ez dut esaten euskara maite dudala, esaten dut euskaraz hitz eginez
gozatzen dudala eta horrekin koherentea naizela, besterik ez” (Karlos Cid
Abasolo).
- Baina
interesgarria litzateke baita be jakitea zergatik jokatzen daben guraso askok
holan? Hain inkoerenteak eta burubakoak dira?
Elkarrizketa mamitsu horri ekin ondoren, abestu be gogotsu
eta pozik egin gendun; eta seiak eta erdiak inguruan emon geuntzan amaiera gure
egunpasa ederrari.
Hurrengo egunpasan EUSPOZ eta BA..BAI batera izango gara
ekainaren 6an: Gernikan 12:00etan alkartuko gara eta Omako txokoan izango dogu
bazkaria.
Gernikan, 2015ko
otsailak 21
Ea zelan agertzen dan iruzkin hau.
ErantzunEzabatu