Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2014(e)ko urriaren 19(a), igandea

BA...BAI-10.egunpasa

15 BA..BAI kide batu ginen atzo gure 10. topaketa egunean, beste 4k ezin etorria agertu eben; hauek izan ginen batutakoak: Josune, Juanita, Maria Luisa, Karmelo, Ani, Marije, Juan Kruz, Fernando Bilbao, Mari Jose, Mari Karmen, Maribi, Jose Luis, Jon Enbeita, Agustin eta Jon Etxebarria.
Hamabietan Auzokoa taberna aurrean alkartu eta, mahai baten inguruan jarrita tragotxo bana hartuz, kontu kontari egotalditxoa egin ondoren, Arrien tabernara joan ginen. Hango arkupean be patxadaz jarrita beste egotalditxo bat egin eta gero Muxikako Kolakaine txokora abiatu ginen ordu biak inguruan.
Han batzuk entsalada prestatu eta makailoa berotzen eben bitartean (Juanita bazkidea buru zala), beste batzuk mahaiak egoki ipini eta haiek hornitzeari ekin geuntsan.
Gero mahaiaren inguruan zutunik topa eginez  (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) emon geuntsan hasiera bazkariari: entsalada, makailoa (pil-pilean eta Bizkai erara), errioxar ardaua, mahatsa eta kafeak. Guzti honeri, bakoitzak gainezka geunkan umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto: berbea ugari izan zen gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz.

Jan bitartean bakoitzak bere ingurukoekaz ekin eutsan berbaz eta berbaroa etenbakoa eta animatua izan zan. Gero kafeak eta txupitoen batzuk hartzen genituen bitartean gai potoloagoak izan genduzan berbabide; batzuk aipatuko dodaz hemen, interesgarriak iruditzen jatazalako eta guztiotan izan direlako protagonista lagunarte honetako bat edo beste. Beste kontu interesgarri batzuk be izango ziren, seguru; baina nire ahalmena ez da iristen hurrunago.

- Marivik Muxikako San Romaneko dorretxeari, Urkietako arteari eta Ugarteko San Bizente elizari buruzko informazioa banatu euskun.
- Seber Altube ikastolaren hasierako gertaera batzuk kontatu ebazan Josunek.
- Gure ume eta gazte denboran hemengo gerrari buruz izan gendun informaziorik eza komentatu zan; bertan hainbeste sufritu eben gurasoek ez euskuen ia ezer kontatzen. Zergatik?
- Euskera Madrilen kontrolpean badago, ez dagoela zereginik esan zuen batek;  beste batek gure kontrolpean ere badagozala gauza batzuk. Independentzia lortzeak ez dakar euskera salbatzea, nahiz eta lagundu leiken; Irlandan gaelikoaren kasua aipatu zuen batek.
- Euskeraren aldeko borroka besteen kontra edo norberarenaren alde egin daiteke; besteenaren kontra egiteak besteak txar egiten ditu. Guk ez daukagu erderaren kontra ezer, baina euskeraren alde egiteak, besteen kontra egitera eroaten gaitu batzutan.
- Batzuetan jendeak, esaterako ikasle gazteek, hizkuntzak nahastu egiten ditu (euskeraz esaldi batzuk, erderaz beste batzuk). Hori gertatzen da ingurune batzuetan euskeraz egiten dabelako eta beste batzuetan erderaz (familian, lagunartean, unibertsitatean…). Hizkuntza bat baino gehiago jakitea aberasgarria da, baina une bakoitzean ze hizkuntza erabiltzen den jakitea litzateke kontua eta ez dana nahastatzea. Hori nagusiagoei ere gertatzen jaku; lanean gazteleraz egiten bada, laneko gaiak urtetzen direnean hizkuntza horretara jotzen dogulako; esaterako, matematikako eragiketak eta zenbakiak erderaz esateko joera dogu, holan ikasi gendulako.
- Euskara abertzaletasunagaz lotzea ez dala komeni esan zan, herri osoaren altxorra dalako; euskerak politikaren gainetik egon behar duela
- Jose Luisek esan zuen behin irratiako tertulia batean entzun zuela euskerarentzat garrantzitsuagoa zela ergatiboa ikurrina baino; orduan batek esan eban ergatiboa gure hizkuntzagaz zuzen zuzenean dagoala lotuta eta ikurrina politikagaz.
- Kike Amunarrizek euskararen etorkizunari buruzko alkarrizketa batean aipatzen eban paradigma aldaketaren beharrizanaz ere egin zan berba: 80ko hamarkadan euskera ikasteak berarekin erabilera ekarriko zuela uste zala, baina horrek huts egin duela eta gaur egun batez ere erabilpena (erabilpen eskasa) dala kezka eta horri  aurkitu behar deutsagula irtenbidea. 
- Uda honetan Berrian agertu ziren euskerari buruzko elkarrizketetan euskeraren arnasguneak (UEMA, gurea bezalako taldeak….) ere aipatzen ziren eta horretaz ere egin gendun berba. Esaterako, herri eta hirigintza plangintzak egiterakoan euskeraren egoera, ekologia eta beste arlo batzuk lez, kontuan hartzeko joera indarra hartzen ari dala esan eban batek.
- Euskera salbatu daiten euskera egin beharra larregi azpimarratzen dala be esan zan, eta gure hizkuntza beste era batera bizi behar dogula, hau da, euskeraz egitean gustura eta pozik  sentituz; ilusioz ikusi behar dogula euskeraren etorkizuna; eta batek esaldi hau bota eban: euskeraz geu gara.
- Euskal produktuak gehiago kontsumitu behar doguz. Gehienbat erderazko telebista ikusten, erderazko egunkariak eta liburuak irakurtzen, erderazko zinema eta antzerkia ikusten…ohituta gagoz gehienok eta ohitura hori aldatzea kosta egiten jaku. Egia esan, sarritan erderazko produkzioa kalitate gehiagokoa da, baina ez beti. Esaterako, Gernikan kalitatezko antzerki lanak emoten dira euskeraz eta oso jende gutxi joaten da hareetara; Hamaika telebista ere kalitatezko telebistatzat aipatu zuen batek; Muxikako andrak antzeztutako antzerki lanaren arrakasta be aipatu zan.
- Euskarazko produktuak kontsumitzeko gaitasunean badauka zer ikusia euskeraz alfabetatuta egoteak ere eta zoritxarrez euskaldun asko analfabetoak gara geure hizkuntzan, erderaz eskolaratu gintuztelako derrigorrez. Ahalegintxo bat bai egin beharko geunke euskeraz alfabetatzen, orduan euskaldun osoagoak izango ginelako eta horrek gure harrotasuna handituko lukeelako.   
Luze ekin geuntsan elkarrizketa horri, eta abesteko astirik be ez gendun izan, orduak aurrera joiazan eta; diru kontuak egin eta hurrengo topaketarako eguna eta lekua erabagi genduzenerako 18:30ak ziren. Hurrengoa be Kolakaine txokoan izango da datorren urteko otsailaren 7an.

Hemen klikatuz, arnasguneei buruz Marivik komentatu zuen artikulua osorik irakurri daiteke.  
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2410/hizkuntza-eta-lurralde-antolaketa

Muxikan, 2014ko urriaren 19an 

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina