Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

BA...BAI-EUSPOZ - 2. egunpasa

Atzo, ekainak 6, BA…BAI eta EUSPOZ lagunarteak batera alkartu ginen; guztira 20: Jon Etxebarria, Juanita, Mikel Garmendia, Tere, Karmelo, Mari Karmen Goiriena, Marije, Jon Enbeita, Jose Agustin, Matxalen, Loli, Juan Kruz, Jon Gorriño, Mari Karmen Gainza, Maribi, Ani, Jose Luis, Josune, Mikel Arginarena eta Mari Jose.




12:00ak bueltan Auzokoako terrazan joan ginen batzen; han alkar agurtu eta  Itsas Mendi txakolin bikaina daztatuz kontu kontari ekin geuntsan ordu bete inguruan. Gero Gernikako plazatik egin gendun bueltatxo bat, hango hilaren lehen zapatuko merkatuaz gozatuz. Eta ordu biak inguruan hartu gendun Omarako bidea. Benetan paraje ederra Omako harana!!




Aldi baten auzo eskola izandako eraikineko txoko dotore eta txukunean izan gendun bazkaria: barazki krema, bakailoa (bizkaierara eta pil-pilean), eta postrerako gazta eta menbrillua. Hasteko zutunik eta errioxar ardoz betetako edalontziak eskuan topa egin gendun (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) eta jarraian lasai lasai jarri eta jateari ekin geuntsan, umore onean eta lagunarte atseginean gure kontutxoak alkarri kontatuz.





Kafeak hartu ondoren, diru kontuak egin eta hurrengo topaketen datak ipini genduzan: EUSPOZekoak urriaren 7an eta BA…BAIkoek urriaren 17an. Gero kantuari ekin geuntsan: Pilarek bialdutako bertsoak, Jon Enbeitaren abestiak eta gure liburuxkako beste batzuk. Amaieran Jonek bere azken CDaren ale bat zozketatu euskun.




5ak aldera inguruko paraje ederra eta hango etxe dotoreak ikustera urten ginen, Tereren azalpen interesgarriek eta gure arteko berbaro gozoak hango ixiltasunari bizia emoten eutsela. Inguru baketsua da benetan be ha, baina ez abandonatua eta bertan behera itxia, ondo eta gustu handiz zainduta eta txukun dagoz hango inguruak eta.






Azkenik 7:30 inguruan emon geuntsan amaiera gure egunpasa zukutsuari, musu eta besarkaden artean alkarri zorterik onena opatuz eta hurrengoan barriro alkartzeko gogoz.

Jose Luis argazkiak
2015eko ekainaren 7an

BERTSOAK

Pilare Baraiazarra

1) Euskaltzale lagunok
agur bero bana,
pozik etorri gara
bagenuen afana,
harremanen giroa
bakoitzak darama,
elkarren inguruan
pena denak sana,
euskaraz mintzatuaz
gozatuz ahal dana.

2) Oroitzapen ederra
kantu eta kontu,
talde honek badu ta
dohain eta gustu,
euskalgintza bideak
markatu ta orraztu
Euskara maite eta
Aberria  marraztu
Independientziak gu
askatu eta  poztu.

3) EUSKARAz  BIZI nahirik
sortu zenbait talde,
herri zein hirietan
koka aldez alde,
edadeko askotxo
gazteriak alde,
erderaz aritzeak
euskarari  kalte,
españolak al dira
egiten dut galde.

4) Trasmisioz gugana
Iritsi da  altxorra,
Ondorengoei  berdin
guk egin beharra,  
Hizkuntza ederra da
egin barra-barra,
nortasun kontua da
aberri giharra,
gure-geurea data
bitxi eta zaharra.

5) Mahaiaren inguruan
ederra giroa,
ANIk gidatu eta
berotu gogoa,
bidea erraztuta
taldea badoa,
topa egin dezagun
gozatu tragoa,
berriro elkartzeko
bada motiboa.


ABESTIAK 

Jon Enbeita

ASKATASUNA, BAKEA  

       Askatasuna omen da

gizakion bereizgarri
Portaerak ikusita
ezin da asko igarri
Diru eta botereak
bihurtu dute lokarri,
geurea nahiko ez eta
inorenaren egarri
Segurtasun aitzakian
gero hesiak ezarri
Loturak ezin lezake
askatasunik ekarri
Askatasunak behar du
errespetoa oinarri
Norbera norbere jaube
norbanako zein aberri

 Arazoa konpontzeko
bakea omen da giltza
Bakerik ez den artean
ezin omen gara mintza
Bakearen aitzakian
ukatzen badugu hitza,
iruzurrezko bake bat
arma bihurtzen gabiltza
Bakea ondorio da
bakea ez da premisa
Bakea landu behar da
bakea ez da baldintza
Bakea da justizi ta
maitasunaren emaitza
Sustrairik sartu ezean
ez da loretzen  zuhaitza


AMETSAK BIZI GAITU                      


Ametsak amets omen ditugu.
Ezin da bizi euren gatigu.”
Kondairan zehar “ilustratuak”
hala mintzatu zaizkigu.

Benetakotik ametserako

marra non den al dakigu?
Zer kalte egiten digu?
Zerbait amesten dugun artean
ilusioa darigu

Usteak haina ezuste dantzan 
ilusioen merkatu plazan.
Kontuan hartu zer jartzen dugun
erosketako balantzan.
Egunen baten, gure ametsak,      
landare berrien gisan,
egi bihurtu daitezan,
amesten dugun egia bera
ez bedi ametsa izan.

Ametsa, gazte, ez da bekatu,
eta ez gorde edo lotsatu,
berak ez zaitzan, lagundu orde,
bakardadera bultzatu.
Aire garbiaz kutsatu dadin,
barne itxitik askatu,
bihotz hurkoan pausatu;
bik konpartitzen duten ametsak
mundu bat balio baitu.

Gizatasuna dugu biluzik.
Norgehiagokak ez du bihotzik.
Pausurik ezin aurrera eman
beste bat zapaldu ezik.
Mundu berri bat maite duenak,
aurkituko badu pozik,
ezin du ito ametsik.
Ametsa ez da ihes laguna
bidaia laguna baizik
Aseen lepo eta  buskentzak,
goseen azal eta saihetsak...
Egile jaunak ez ditu josi
behar bezala zumetzak.
Baiezkorako grina sor dezan
eguneroko ezetzak,
eraiki behar defentsak.
Amets ostean ez ezkutatu,
baina ez utzi ametsak

Nor da laguna? Nor da etsaia?
Nora dihoa mundu deslaia?
Nork ez du noizbait amestu izan
justiziaren garaia?
Biblian ere sortu ziguten
Josafat”eko zelaia,
egizko azken epaia;
lur berri baten ametsa baita
sinesmenaren sustraia

Beti borrokan, beti jo ta su,
alperrik ote hura, ni ta zu?
Ilargia jan badizu gauak,
izarrak sobran dituzu.
Dena utopi bihurtzen bada,
esperantza bera kasu,
jaiki beharra daukazu.
Utopia ez amets bihurtu,
baina amestu ezazu.

Baina aurpegi hori alaitu,
gauak ilargi gehiago baitu.
Ez dezazula egunsentia
laino beltzetan bahitu.
Nahi zenukena amestu eta
lortzeko lehian jarraitu,
horrek berpiztuko zaitu.
Bizitza, gazte, ez da ametsa,
baina ametsak bizi gaitu.


GUNTZURRI  ETA  SASI
     
Iraganeko sukalde bero
ohituren kabi epela
gaur hiru horma erdi jausiak
hotz eta hutsik sabela
Garai bateko teilatu orde
zerua dozu txapela

Lehen danak zeuri begira eta

gaur nork daki hor zarela ?

Sasiak ditu bideak itxi
zelaian pinuak jeiki

Oroitapenak bakardadean

itotzen doaz  emeki
Guntzurria da bakarrik zugaz
zeure minaren erruki
berari esker hormak dituzu
gaur arte zutunik euki


GUNTZURRI  ETA SASI
NAHI ETA EZIN BIZI
IRAGANAREN BIHOTZ
BAKARDADEAN HILOTZ


Agur goizeko kukurrukuak
haur jolas eta zantzoak
behien morrosak, txakur ausiak,
aida”, “arre” eta “iso”-ak
ebakitako bedar usaina
tximiniko ke lausoak...
Zeugaz batera irentsi ditu
zeurea zendun basoak
  
GUNTZURRI ETA SASI........



ENE HERRIA, ZEURI                                    
(Atzerrian bizi diranai eskainia)

Ene Herria, zeuri
naukazu kantari
oroimenen artean
Bihotzaren sari
malkoak dantzari
bi begien atean

Arimak iragan
gura leukez  hegan
         mendi ta itsasoa
ta dastatu zeugan
antxinako eran
         kabiaren gozoa
Egun ilun baten
bideratu ginen
itzultzeko asmotan
baina bizitzaren
kateak nabarmen
lotzen gaitu askotan

                            nahiz ta zor dautsagun
                            izatea lagun
                                      herbesteko lurrari
                            bihotzak hain urrun
                            zu gabe ezin iraun
                                      gure ama Euskadi

Agur
asaben herria
beti berria
Agur
lur sakratua
askapen kantua

Zugan
gura geunke atseden
   amesen berora
   munduko denbora
amaitu baino lehen


AI, AI, DIRUA

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Dirua behar geunke jarri aldaretan
santuen ordezkari, euren lekuetan
ez bait dau inork eiten zeru ez lurretan
harek haina mirari gure egunetan

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Mutuak deitzen deutso, itsuak ikusten
esku bakoak dabiltz bera harrapatzen
Hamaika debotok, diruaren truke,
Jainko ta zerua salduko lituzke

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Prakak galduteak nori ardurako
mila pezetako bat azpian baleuko
Kakak egingo baleu diru edo urria
zulorik barik geunke pobreok ipurdia

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

DIRUA EZKERO UGARI...
ZURI BEGIRA EZ NAGO NI

HOTZAK JO DAU AZAROAN 

(Aita Balendinen heriotzean egindakoak)

Maiatzak jantzi eban lorea

hotzak jo dau Azaroan
Aberri honen malkoa ez da
lehortuko luzaroan
Iraupenaren txori kantari
zigor garratzen aroan
Izarrak ere negarrez ditu
egunsentiko garoan
ikusiz zelan heriotzeak
erruki barik daroan.

Bake egarria, Egi gosea
eta Maitasuna gori,
gizon batengan eztitu eta
zeu zindugun gizon hori.
Etsaien esku igaro arren
mila neke ta histori,
barkatzeko prest, lanean tinko,
askatasunaren txori,
Bihotz haundien irakatsia
emon deuskuzu danori.

Baina auzian bazan euskara
edo euskaldun lurmena,
borrokarako izango zinan
gudarietan aurrena.
Ezetza ez zan inoz entzungo
zure ahotik urtena.
Abertzaleok egin ezkero
bakotxak zure laurdena,
laster litzake, barriz, geuretzat
aske asaben lur dena

Bihotza goruntz ihesi guran,
begiak malkotan guri,
ilargiaren argi leunera
begira gaituzu zeuri
Hainbeste izar hori artean
bada bat garbi ta zuri.
Beheko artzaina bihurtu zara
izarretako axuri.
Herri honengan zendun fedea
arren gugana isuri.


iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina