Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2014(e)ko otsailaren 16(a), igandea

BA...BAI eta EUSPOZ batera

Atzo BA…BAI eta EUSPOZ lagunarteak batera alkartu ginen, guztira 24: Jon Etxebarria, Juanita, Mikel Garmendia, Tere, Maria Luisa, Karmelo, Pilare, Gabriel, Ani, Juan Mari, Mari Karmen Goiriena, Lorea, Marije, Maria Asun, Jon Enbeita, Jose Agustin, Matxalen, Loli, Juan Kruz, Fernando Garate, Jon Bilbao, Jon Gorroño, Mari Karmen Gainza eta Maribi; seik edo ezin izan eben etorri, baina egon ginenok egun ederra pasatu gendun Forun eta Gernika-Lumon.
Hasteko Gernikako tren geltoki ondoko plazatxoan batu ginen 17 pertsona eta handik Forura joan ginen kontu kontari, San Martin elizaraino; eguraldia be ondo portatu jakun, nahiz eta euria iragarrita egoan;  han Jesus Mari abade frantzizkotarrak egin euskun harrera eta eliza azpiko ondare historiko interesgarria erakutsi eta azaldu, erromatarren garaitik hasita garai ezberdinetako aztarnak dagoz bertan eta. 

 Gero erreixo ondotik egin gendun Gernikarako bidea, inguruko padurak ikusiz; han zehar gure taldeko Maribik erakutsi euskuzan inguru hartan zabaldu diren bedar eta zuhaizka hondatzaileak eta lasai lasai iritsi ginen Auzokoa tabernaraino; han alkartu ginen beste guztiekaz eta trago bana hartuaz  jarraitu gendun gure zeresanak trukatzen. Beste taberna bat be bisitatu gendun, baina kalean egoteko be sasoi ona egoanez, batzuk barruan eta beste batzuk taberna aurrean ekin geuntzan mingainari eragiten, umore onean eta gustura.
Bakeleku txoko dotorera ordu bi eta erdiak inguruan heldu ginen eta han ebiltzan gure sukaldari Jon eta Fernando biak entsaladari azken ikutuak emoten; mahaiak ere lauki perfektuan eukezan ipinita, danok aurrez aurre egoteko moduan.
Zutunik eta edalontzi beteak eskuan topa eginez  (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) emon geuntsan hasiera bazkariari: entsalada ondo hornitua, makailoa (Pil-pilean eta Bizkaiko erara), errioxar ardaua, pastelak eta kafeak. Guzti honeri, bakoitzak gainezka ekarri eban umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto.
Bazkal ostean lehenengo eta behin bakoitzak bere burua aurkeztu eban besteen aurrean eta ondoren alkarrizketa sakonari ekin geuntzan. Jon Sarasuaren Hiztunpolisa atxakitzat hartuta, gogoeta eta kontu interesgarriak aipatu genduzan:
- Topaguneak garrantzitsuak direnez euskerarentzat eta gu ere topagunea garenez, hau zabaltzen ahalegindu beharko ginateke.
- Patxi Lehendakariari buruzkoak: Idahon “Yo no necesito traductor…” esan ebanekoa; Zamudion “Nik euskera, zuk zergatik ez” kanteu eutsenekoa.
- Eskeraren berrezkurapenean protagonismoa euskeraren aldeko herri mugimenduak eta erakundeek izan behako leukela argi gelditu zan; baina administrazioarekin eta politikoekin kontatu behar dela, diru laguntzak lortzeko eta haiek ere euskeraren alde inplikatzeko. Administrazioak ere hainbat gauza egin dauala euskeraren alde esan eban pertsona batek.
- Euskeraz dakienek erderaz egitearen arrazoiak ere harilkatu ziren apur bat: euskeraz egiteko erreztasun falta; erdera erabiltzea modan egotea... Euskaldun osoa izatearena ere aipatu zan; eta baita euskera erabiltzeko motibazioa eta kontzientzia behar zirela ere. Orduan batek bota eban: euskeraz egiteko kontzientzia behar da ala ohitura?
- Batzuetan gaien arabera hizkuntza bata edo bestea erabiltzen da; esaterako telebista erderaz entzun bada edo lanean erderaz egiten bada, gai horrei buruz erderaz egingo da, nahiz eta beste gai batzuei buruz euskeraz egin.
- Kike Amunarrizen programan Bilbori buruz esandakoa be aipatu zan: Euskal Herrian euskeraz gehien egiten dan herria edo hiria da Bilbo.  Sarritan Bilbora joaten garenean eta ezezagun bateri berba egiterakoan geuk be oker jokatzen dogu, erderaz hasten garelako, eta euskeraz egin ezkero sorpresa atseginak ere hartzen dira, ulertzeko beste jente askok dakielako; esaterako gaur egun Atletikeko jokalarien seitik lauk badakie euskeraz.
- Euskeragaz lotuta joan behar da euskal kultura be eta hori ahaztu egiten dogu sarritan.
Honen ondoren Pilarek topaketa honetarako prestatutako bertsoak abestu genduzan danon artean. Bestalde Mikelek eta Lolik sehaska kantu bat abestu euskuen duora eta Jon Enbeitak bere hiru kantu. Gero, barriro be danon artean, kanteu genduzan gure liburuxkako abesti batzuk. Eta tarteka izan eben bere lekua txisteak eta pasadizoak be.
Beraz, berba eta kanta ugari izan zan gure artean,  umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz; izan gendun giro atsegin eta bete beteak argi erakusten dau Euskeraz Bizi lagunarte biok osasuntsu eta gogotsu dagozala.
Ondoren kontuak egin eta bakoitzak berea ordaindu, eta lagunarte bakoitzak bere hurrengo zita eguna zehaztu ondoren, arratsaldeko 7ak inguruan agurtu gendun alkar.



1 iruzkin: