Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2014(e)ko ekainaren 15(a), igandea

UDALERRI EUSKALDUNEN EGUNA, 2014

Elkarlan hotsak arnasguneetan

Udalerri Euskaldunen Eguna egin dute lehen aldiz, Tolosan.
Arnasguneek euskararentzat duten garrantziaz ohartarazi dute.

Jaurlaritzak neurri gehiago hartuko ditu arnasguneetan.
Elkarlanean, «harremanetan sakonduz» egin nahi dute bidea. Lehen pausoa atzo bertan eman zuten. Adostasun bidearen irudia utzi zuen Tolosako udaletxepeak. Uemako udaletako kideekin batera, ilaran ziren beste erakunde batzuetako arduradunak: Jokin Azkue Eusko Jaurlaritzako Euskara Sustatzeko zuzendaria, Martin Garitano Gipuzkoako ahaldun nagusia, Zigor Etxeburua Gipuzkoako Euskara zuzendaria, Mertxe Aizpurua Udalbiltzako lehendakaria... Euskalgintzako eragileak ere baziren oholtzan: Kontseilua, BERRIA Taldea, AEK, EHE...
Kontuan hartzekoa da Jaurlaritzaren parte hartzea, beti ez baitute harreman erraza izan Uemak eta EAJk. Mezuarekin bat egin du Azkuek: «Lehentasuna da arnasguneak babestea, haietan erabiltzen baita gehien euskara: administrazioan, saltokietan, elkarrizketa informaletan...». Aurreratu du Euskararen Agenda Estrategikoa onartuko duela Jaurlaritzak datorren astean. Neurriak hartuko dituzte arnasguneak sendotzeko.
Flashmob bat egin zuten herritarrek eta agintariek. / GORKA RUBIO / ARGAZKI PRESS
Elkarlanerako deia eta adostasunerako argazkia utzi du Udalerri Euskaldunen Egunak. Izaera zabalagoa emateko asmoarekin antolatu dute aurten egun hori lehenbiziko aldiz, Uema Egunaren ordezko. Euskara indartsuen dagoen herrien topagune izateko nahia zuen, eta haien garrantzia nabarmentzekoa. «Arnasguneek funtzio garrantzitsua dute euskararen iraupenean, eta normalizazioan ere funtzio 
Gehiago: Berria, 2014-ekaina-15
Markina-Xemein eta Berastegirekin, 72 herri dira Ueman

2014(e)ko ekainaren 12(a), osteguna

9. EGUNPASA - BA...BAI

12 BA..BAI kide batu ginen aurreko zapatuan: Josune, Juanita, Maria Luisa, Karmelo, Ani, Juan Mari, Marije, Juan Kruz, Fernando Garate, Jon Gorroño, Mari Karmen eta Maribi.
Ordu batetan Auzokoan alkartu, inguru hartan trago batzuk hartuz kontu kontari ibili ondoren, ordu bi eta erdietan geure bazkalekura iritsi ginen, Arizpera.  
Han, mahaiaren inguruan zutunik topa eginez  (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) emon geuntsan hasiera bakariari: fritoak, makailoa (pil-pilean eta Bizkai erara), errioxar ardaua, pasteltxoak eta kafeak. Guzti honeri, bakoitzak gainezka generaman umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto: berbea ugari izan ze gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz.
Lehendik be geure hizkuntzari atxikimendu handia deutsagula eta euskeraz pozik bizi garela argi gelditu zan; baita be, gehienen iritziz, ondo datorkigula batzen jarraitzea, erretasunetatik irtetzeko, indarrak hartzeko eta elkar animatzeko, besteen bizipenetatik ere ikasiz; gainera ondo pasatzen dogula esan zan; eta gure antzeko beste lagunarte batzuekaz egotea be ondo datorkigula
Orain han kontatutako beste kontu batzuk aipatuko dadaz hemen:
- Iparraldetik itzulitako bati egindako harrera dala eta, haren inguruan batutako euskaldun batzuei, erderaz ebiltzalako, gutako batek esandakoa eta horren inguruan izandako alkarrizketa. 
- Pelukerian emakume euskaldun berbati batek erderaz egiten ebala eta, gutako batek euskeraz egingo baleu, euskal giroa sortuko zala esan eta ondoren euskeraz egiten ei dau harek eta beste danak. Holan, hizkuntza ohitura aldatzea lortu zan biei esker. 
- Katalan batzuk egon ei ziran Gernikan euskaldun batzukaz eta batek ea katalanez egin leikien galdetu. Gutako batek: ahal  bakarrik ez, egin beharko zeunke. Orduan berak: zuek euskaldunek euskeraz ez dakien bat taldean egon ezkero erderaz egiten dozue eta.

- Familian euskera ez dakien koineta egoalako-ta, gutako bati bere arrebak erderaz egiteko. Erantzuna: nik horregaitik ez deutset erderaz egingo neure nebarrebei; berari zuzentzen naiakonean, orduan egingo deutsat. 
- Urdaibai kantagunekoen artean ere erdera askotxo entzuten ei da. Horren inguruan be egin gendun berba, talde horretako hainbat dago gure artean eta.
Beste batek esan eban bere behar lekuan danak ekiela euskeraz, baina sarritan erderaz egiten ebela; baina pertsona bat faltatzen zanean euskeraz egiten ebela. Lehen aipatutako pelukeriako kontua barriro be?
- Esan zan baita be, beti gai bardinei bueltaka ibili beharrean, gure historiaz, kulturaz, nortasunaz be egin beharko geunkela berba gure artean; eta horretaz be ekin geuntzan apur bat. 
Gero, orduak aurrera joiazala eta, diru kontuak egin eta hurrengo topaketarako eguna eta lekua erabagi genduzan: urriaren 18an Muxikako Kolakañe txokoan.
Azkenik kantu batzuk abestuz emon geuntzan amaiera gure egotaldi atsegin eta interesgarriari; eta 18:30ak inguruan urten gendun Arizpetik, euskeraz bizitzeko gogoa eta konpromisoa indarbarrituta.
Karmeloren argazki makinari esker hango giro ederra grafikoki ere ederto ikusi eta imajinatu daiteke.
Muxikan, 2014ko ekainaren 12an

Hemen jartzen dodaz Jose Luisek korreoz bidalitako gogoetak ere. Berak ezin izan eban etorri topaketara, baina hartu eban denpora, hau idazteko. Eskerrik asko.
Oso galdera interesgarriak planteatzen dituzu. Izan ere ni beti gustura izan naiz Ba…Bai taldekideekin, berba egiten, iritziak partekatzen, kantuka eta abar. Dena dela jarraitzeko helburua edo helburuak markatu beharko dira. Elkarrekin egonez aparte beste gehigarri bat edo batzuk ipini  beharko ditugu.
Helburua: euskararen erabilpena zelan bultzatu, zabaldu eta lotu beharrezko usadioekin. Hau da, euskarak merezi duen munduaz jabetzeko. Euskara izateak paisai ezberdin batera leihoak zabaltzen dizkigu, edozein hizkuntzak kosmobisio bat dakar eta aberastu egiten gaitu; euskara balioa da.
Animatu euskaraz bizitzeko? Ez bereziki. Ni mugitzen naizen inguruan aukera daukat euskaraz bizitzeko.
Aurrerantzean jarraitzeko, ez dakit, eztabaidatu beharko da. Nik pentsatzen dut aukera litzatekela zerbait komun jarri leiduteko, ikusteko eta elkarren artean komentatu.