Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2014(e)ko urriaren 9(a), osteguna

EUSPOZ-11.egunpasa

2014ko urriaren 7an Loli, Mikel Garmendia, Maialen, Mari Karmen, Mikel Arginarena, Lorea, Pilare, Juan Luis, Gabriel, Tere, Salba eta Ani izan ginen  EUSPOZen 12. egun pasan.
Taldeko batzuk eta Santutxuko beste berbalagun batzuk Euskaltzaindia bisitatu gendun, Aritz gidari gaztearen azalpen zehatz eta argiak jarraituz; tartean azalpen batzuk Xabier Kintana euskaltzainak ere emon euskuzan.
Hasteko euskeraren jatorriari eta historiari buruzko azalpenak izan genduzan, eta gero Euskaltzaindiaren historiari eta lanei buruzkoak; guztia teknologia barrien laguntzaz. Ondoren Azkue liburutegia eta Euskaltzaindiaren historian garrantzitsuak izan diren pertsonaien argazki-margoak ikusteko aukera izan gendun. Liburutegiari dagokionez, Aritzek esan euskun sasoi batean liburutegi nazionala egiteko asmoa egoala, baina gaur egun liburutegi espezializatua eta digitalizatua egitea dala helburua.  
Ordu batak inguruan amaitu gendun bisita eta alboko Argoitia tabernan zeozer hartu ondoren Santutxuko Garoa txokora abiatu ginen. Han entsalada prestatu, odolosteak eta solomoa frigitu eta mahaiak ipini ondoren, jan edanari ekin geuntsan; hori bai, topa egin eta abestu ostean.
Bazkari denboran eta ostean be kontu ugari izan ziren gure artean; batzuk aipatuko dodaz hemen, interesgarriak iruditzen jatazalako eta guztiotan izan direlako protagonista lagunarte honetako bat edo beste. Beste kontu interesgarri batzuk be izango ziren, seguru; baina nire ahalmena ez da iristen hurrunago:
- Logroñoko taberna bateko mahai baten sei euskaldun eta ondoko beste baten bikote bat suertatu ziren; seikoteak euskeraz egiten ebala eta, ondoko batek besteari “nos están provocando” esan eta beste toki batera alde.
- Kotxe tailer bateko ugasabak (euskalduna bera, baina beharginak ez) nobia euskalduna hartu behar ebala esan eutsan gure taldeko bati. Zergaitik? Kotxea konpontzen joaten zirenak alde egiten ebelako, tailerrean euskeraz ez eutsela egiten eta.   
- Bilboko denda baten euskeraz eskatu eta ugasabak euskeraz erantzun. Orduan bezeroak barriro be joango dala euskaraz atenditzen jarraitzen badau. Besteak harriduraz begiratu eta eskerrak emon eutsozan.  
- Ospitalean egoan neba eta berau haregaz. Euskeraz ebiltzala ikusirik, erizaina (hunkiturik) euskeraz zuzendu jaken eta han beste euskaldun batzuk be baegozala esan; orduan hango euskaldun danak euskeraz.
- Txurdinagako Eroskin euskeraz atenditua izateko hainbat ahalegin egin arren ez eban ezer lortzen. Orduan arduradunari euskaldun lez oso minduta sentitzen zala eta gitxienez euskeraz ekien zerbitzariek txarteltxo bat eroan beharko ebela esan eutsan. Handik aurrera zerbitzari bik edo txarteltxoa jarrita izaten eben.
- Irakasleak ikasle bati euskeraz, beste guztiei lez, baina besteak erderaz erantzun. Halako baten, irakasleak ere zeozer erderaz esan eutsan. Orduan harek aitari hau esan ei eutson: euskera galduta dago, beti euskeraz egiten izan deustan irakasleak be erderaz egin deust eta.
- Udalerri euskaldun batean ordezko medikuak euskeraz ez ekielako, kexua sartu eban batek udaletxean idatziz. Handik gitxira eskualdeko Hitzan udalak be bere kexa adierazi eban, Osakidetzara be bialdu ebala idazti bat esanez. Handik lasterrera ordezko medikuak euskaldunak izan dira herri horretan.      
Honeek eta beste hainbat kontu izan ziren gure artean eta denbora igarri barik joan jakun. Beraz, kantatzeko astirik be ez gendun izan, batzuk bostetarako alde egin beharra izan eben eta. Gero jubilatuak zereginik ez daukiela eta aspertu egiten direla esango dabe. Ea hurrengoan astitsuago ibilten garen eta gure egunpasa atsegin hauek apur bat gehiago luzatzerik dogun.
Hurrengoa datorren urteko urtarrilaren 14an, eguastenez,  egitekotan gelditu ginen; beraz, data hori ipini daigun ondo ikusteko eta gogoratzeko lekuan.
OHARRA: Euskaltzaindiko web gunean hara bisitan joan ginenon argazki hau eta ondorengo aipamena agertzen dira.
Euspoz (Euskaraz pozik) taldeak Euskaltzaindia bisitatu du gaur, urriaren 7an. Euskaraz Bizi lagunarteak ekimenaren barruan kokatzen den Euspoz taldeko kideek Akademiaren nondik norakoa ezagutu dute, Aritz Abaroa Euskararen Herri Hizkeren Atlasa egitasmoko tekinikariak gidaturik. Xabier Kintana Euskaltzaindiko idazkariarekin ere izan dira.

iruzkinik ez:

Argitaratu iruzkina