Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2015(e)ko ekainaren 7(a), igandea

BA...BAI-EUSPOZ - 2. egunpasa

Atzo, ekainak 6, BA…BAI eta EUSPOZ lagunarteak batera alkartu ginen; guztira 20: Jon Etxebarria, Juanita, Mikel Garmendia, Tere, Karmelo, Mari Karmen Goiriena, Marije, Jon Enbeita, Jose Agustin, Matxalen, Loli, Juan Kruz, Jon Gorriño, Mari Karmen Gainza, Maribi, Ani, Jose Luis, Josune, Mikel Arginarena eta Mari Jose.




12:00ak bueltan Auzokoako terrazan joan ginen batzen; han alkar agurtu eta  Itsas Mendi txakolin bikaina daztatuz kontu kontari ekin geuntsan ordu bete inguruan. Gero Gernikako plazatik egin gendun bueltatxo bat, hango hilaren lehen zapatuko merkatuaz gozatuz. Eta ordu biak inguruan hartu gendun Omarako bidea. Benetan paraje ederra Omako harana!!




Aldi baten auzo eskola izandako eraikineko txoko dotore eta txukunean izan gendun bazkaria: barazki krema, bakailoa (bizkaierara eta pil-pilean), eta postrerako gazta eta menbrillua. Hasteko zutunik eta errioxar ardoz betetako edalontziak eskuan topa egin gendun (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) eta jarraian lasai lasai jarri eta jateari ekin geuntsan, umore onean eta lagunarte atseginean gure kontutxoak alkarri kontatuz.





Kafeak hartu ondoren, diru kontuak egin eta hurrengo topaketen datak ipini genduzan: EUSPOZekoak urriaren 7an eta BA…BAIkoek urriaren 17an. Gero kantuari ekin geuntsan: Pilarek bialdutako bertsoak, Jon Enbeitaren abestiak eta gure liburuxkako beste batzuk. Amaieran Jonek bere azken CDaren ale bat zozketatu euskun.




5ak aldera inguruko paraje ederra eta hango etxe dotoreak ikustera urten ginen, Tereren azalpen interesgarriek eta gure arteko berbaro gozoak hango ixiltasunari bizia emoten eutsela. Inguru baketsua da benetan be ha, baina ez abandonatua eta bertan behera itxia, ondo eta gustu handiz zainduta eta txukun dagoz hango inguruak eta.






Azkenik 7:30 inguruan emon geuntsan amaiera gure egunpasa zukutsuari, musu eta besarkaden artean alkarri zorterik onena opatuz eta hurrengoan barriro alkartzeko gogoz.

Jose Luis argazkiak
2015eko ekainaren 7an

BERTSOAK

Pilare Baraiazarra

1) Euskaltzale lagunok
agur bero bana,
pozik etorri gara
bagenuen afana,
harremanen giroa
bakoitzak darama,
elkarren inguruan
pena denak sana,
euskaraz mintzatuaz
gozatuz ahal dana.

2) Oroitzapen ederra
kantu eta kontu,
talde honek badu ta
dohain eta gustu,
euskalgintza bideak
markatu ta orraztu
Euskara maite eta
Aberria  marraztu
Independientziak gu
askatu eta  poztu.

3) EUSKARAz  BIZI nahirik
sortu zenbait talde,
herri zein hirietan
koka aldez alde,
edadeko askotxo
gazteriak alde,
erderaz aritzeak
euskarari  kalte,
españolak al dira
egiten dut galde.

4) Trasmisioz gugana
Iritsi da  altxorra,
Ondorengoei  berdin
guk egin beharra,  
Hizkuntza ederra da
egin barra-barra,
nortasun kontua da
aberri giharra,
gure-geurea data
bitxi eta zaharra.

5) Mahaiaren inguruan
ederra giroa,
ANIk gidatu eta
berotu gogoa,
bidea erraztuta
taldea badoa,
topa egin dezagun
gozatu tragoa,
berriro elkartzeko
bada motiboa.


ABESTIAK 

Jon Enbeita

ASKATASUNA, BAKEA  

       Askatasuna omen da

gizakion bereizgarri
Portaerak ikusita
ezin da asko igarri
Diru eta botereak
bihurtu dute lokarri,
geurea nahiko ez eta
inorenaren egarri
Segurtasun aitzakian
gero hesiak ezarri
Loturak ezin lezake
askatasunik ekarri
Askatasunak behar du
errespetoa oinarri
Norbera norbere jaube
norbanako zein aberri

 Arazoa konpontzeko
bakea omen da giltza
Bakerik ez den artean
ezin omen gara mintza
Bakearen aitzakian
ukatzen badugu hitza,
iruzurrezko bake bat
arma bihurtzen gabiltza
Bakea ondorio da
bakea ez da premisa
Bakea landu behar da
bakea ez da baldintza
Bakea da justizi ta
maitasunaren emaitza
Sustrairik sartu ezean
ez da loretzen  zuhaitza


AMETSAK BIZI GAITU                      


Ametsak amets omen ditugu.
Ezin da bizi euren gatigu.”
Kondairan zehar “ilustratuak”
hala mintzatu zaizkigu.

Benetakotik ametserako

marra non den al dakigu?
Zer kalte egiten digu?
Zerbait amesten dugun artean
ilusioa darigu

Usteak haina ezuste dantzan 
ilusioen merkatu plazan.
Kontuan hartu zer jartzen dugun
erosketako balantzan.
Egunen baten, gure ametsak,      
landare berrien gisan,
egi bihurtu daitezan,
amesten dugun egia bera
ez bedi ametsa izan.

Ametsa, gazte, ez da bekatu,
eta ez gorde edo lotsatu,
berak ez zaitzan, lagundu orde,
bakardadera bultzatu.
Aire garbiaz kutsatu dadin,
barne itxitik askatu,
bihotz hurkoan pausatu;
bik konpartitzen duten ametsak
mundu bat balio baitu.

Gizatasuna dugu biluzik.
Norgehiagokak ez du bihotzik.
Pausurik ezin aurrera eman
beste bat zapaldu ezik.
Mundu berri bat maite duenak,
aurkituko badu pozik,
ezin du ito ametsik.
Ametsa ez da ihes laguna
bidaia laguna baizik
Aseen lepo eta  buskentzak,
goseen azal eta saihetsak...
Egile jaunak ez ditu josi
behar bezala zumetzak.
Baiezkorako grina sor dezan
eguneroko ezetzak,
eraiki behar defentsak.
Amets ostean ez ezkutatu,
baina ez utzi ametsak

Nor da laguna? Nor da etsaia?
Nora dihoa mundu deslaia?
Nork ez du noizbait amestu izan
justiziaren garaia?
Biblian ere sortu ziguten
Josafat”eko zelaia,
egizko azken epaia;
lur berri baten ametsa baita
sinesmenaren sustraia

Beti borrokan, beti jo ta su,
alperrik ote hura, ni ta zu?
Ilargia jan badizu gauak,
izarrak sobran dituzu.
Dena utopi bihurtzen bada,
esperantza bera kasu,
jaiki beharra daukazu.
Utopia ez amets bihurtu,
baina amestu ezazu.

Baina aurpegi hori alaitu,
gauak ilargi gehiago baitu.
Ez dezazula egunsentia
laino beltzetan bahitu.
Nahi zenukena amestu eta
lortzeko lehian jarraitu,
horrek berpiztuko zaitu.
Bizitza, gazte, ez da ametsa,
baina ametsak bizi gaitu.


GUNTZURRI  ETA  SASI
     
Iraganeko sukalde bero
ohituren kabi epela
gaur hiru horma erdi jausiak
hotz eta hutsik sabela
Garai bateko teilatu orde
zerua dozu txapela

Lehen danak zeuri begira eta

gaur nork daki hor zarela ?

Sasiak ditu bideak itxi
zelaian pinuak jeiki

Oroitapenak bakardadean

itotzen doaz  emeki
Guntzurria da bakarrik zugaz
zeure minaren erruki
berari esker hormak dituzu
gaur arte zutunik euki


GUNTZURRI  ETA SASI
NAHI ETA EZIN BIZI
IRAGANAREN BIHOTZ
BAKARDADEAN HILOTZ


Agur goizeko kukurrukuak
haur jolas eta zantzoak
behien morrosak, txakur ausiak,
aida”, “arre” eta “iso”-ak
ebakitako bedar usaina
tximiniko ke lausoak...
Zeugaz batera irentsi ditu
zeurea zendun basoak
  
GUNTZURRI ETA SASI........



ENE HERRIA, ZEURI                                    
(Atzerrian bizi diranai eskainia)

Ene Herria, zeuri
naukazu kantari
oroimenen artean
Bihotzaren sari
malkoak dantzari
bi begien atean

Arimak iragan
gura leukez  hegan
         mendi ta itsasoa
ta dastatu zeugan
antxinako eran
         kabiaren gozoa
Egun ilun baten
bideratu ginen
itzultzeko asmotan
baina bizitzaren
kateak nabarmen
lotzen gaitu askotan

                            nahiz ta zor dautsagun
                            izatea lagun
                                      herbesteko lurrari
                            bihotzak hain urrun
                            zu gabe ezin iraun
                                      gure ama Euskadi

Agur
asaben herria
beti berria
Agur
lur sakratua
askapen kantua

Zugan
gura geunke atseden
   amesen berora
   munduko denbora
amaitu baino lehen


AI, AI, DIRUA

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Dirua behar geunke jarri aldaretan
santuen ordezkari, euren lekuetan
ez bait dau inork eiten zeru ez lurretan
harek haina mirari gure egunetan

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Mutuak deitzen deutso, itsuak ikusten
esku bakoak dabiltz bera harrapatzen
Hamaika debotok, diruaren truke,
Jainko ta zerua salduko lituzke

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

Prakak galduteak nori ardurako
mila pezetako bat azpian baleuko
Kakak egingo baleu diru edo urria
zulorik barik geunke pobreok ipurdia

AI, AI, AI DIRUA BAI
AI, AI, AI DIRUA BAI
DIRUA EZKERO UGARI,
AGUR MARI ANTONI

DIRUA EZKERO UGARI...
ZURI BEGIRA EZ NAGO NI

HOTZAK JO DAU AZAROAN 

(Aita Balendinen heriotzean egindakoak)

Maiatzak jantzi eban lorea

hotzak jo dau Azaroan
Aberri honen malkoa ez da
lehortuko luzaroan
Iraupenaren txori kantari
zigor garratzen aroan
Izarrak ere negarrez ditu
egunsentiko garoan
ikusiz zelan heriotzeak
erruki barik daroan.

Bake egarria, Egi gosea
eta Maitasuna gori,
gizon batengan eztitu eta
zeu zindugun gizon hori.
Etsaien esku igaro arren
mila neke ta histori,
barkatzeko prest, lanean tinko,
askatasunaren txori,
Bihotz haundien irakatsia
emon deuskuzu danori.

Baina auzian bazan euskara
edo euskaldun lurmena,
borrokarako izango zinan
gudarietan aurrena.
Ezetza ez zan inoz entzungo
zure ahotik urtena.
Abertzaleok egin ezkero
bakotxak zure laurdena,
laster litzake, barriz, geuretzat
aske asaben lur dena

Bihotza goruntz ihesi guran,
begiak malkotan guri,
ilargiaren argi leunera
begira gaituzu zeuri
Hainbeste izar hori artean
bada bat garbi ta zuri.
Beheko artzaina bihurtu zara
izarretako axuri.
Herri honengan zendun fedea
arren gugana isuri.


2015(e)ko otsailaren 27(a), ostirala

EUSKARAZ, BESTELA EZ GARA


Helbide honetan youtube-n entzugai dagoen Kike Amunarrizen hitzaldiaren laburpena da hau, Jose Luis Bardonek egindakoa

Errealitatea aldatu da eta aldatzen ari da. Zer-nolako aldaketa eta nora goazen  da  aztertu behar duguna. Kontzeptu asko: hizkuntza politika berria, erabaki ausartak, jausi kualitatiboak, garatu, adostasuna. Eztabaida pil-pilean dago, praktika soziolinguistikak aldatzen ari dira, eredu sozialak ere bai: esaterako hitanoari dagokionez, lehen bikoteak hitanotik-zutanora, seme-alabek gurasoei zukan. Bestalde emigrazio berria, teknologi berriak eta globalizazioa. Erderazko txiste bat, 2000. urtekoa, gaur egun askok ez dutena ulertuko. ¿En qué se parece un móvil a un condón? –En que los dos dan cobertura a un capullo.
Lurraldetasuna kontzeptuak ere gaur egun zentzu zabalagoa du, interneten eragina dela eta.
Euskararen egoera soziolinguistikoa ikusteko metafora bat: botila bat ur, erdi beteta ala erdi hustuta. Mikel Zalbidek txiste probokatzaile bat egin du: gure arazoa ez da diglosian bizi garela, baizik eta diglosian galdu egin dugula. Gure galerak, ahuleziak botila ur horretan sototik galtzetik datoz, ez goitik. Indartu egin da euskararen erabilera egoera formaletan, administrazioan, hezkuntzan, hedabideetan eta galtzen ari gara egoera ez-formaletan, familian, lagunarteko egoeratan.








Guk hizkuntzen ispiluan zelan ikusten dugu gure euskara?
Munduan 7000 hizkuntza daude gutxigora behera. Gehien hitz egiten dena
txinera izango da, mila hiztun baino gehiago dituena. Beraz, hamarreko eskala batean eta hiztun kopuruaren arabera goiko koadroan jarriko genuke.
Beheko koadroan jarriko genituzke hiztun bateko, biko, hiruko hizkuntzak.
Galdera hau da:  Zein koadrotan jarriko genuke gure euskara?
Munduan 7000 hizkuntza egonez gero, koadro bakoitzean 700 bat hizkuntza jarri beharko ditugu. Gure euskara goiko koadron legoke eta ez beherago, gehiengo batek jarriko lukeen bezala.
Behean ikusten gara ispiluan. Zergatik? Bada, gure alboan goiko ligan jokatzen duten hizkuntzak daudelako, frantsesa eta espainola.
Bakarrik 500 bat hizkuntza daude milioitik gora hiztun dituztenak, eta euskaldunok 700.000-800.000 tartean gaude.

Euskararen aldaketaren mapa ikusiz gero orokorrean euskararen atzerakadako mapa ikusten dugu. Baina galeraren paradigma aldatu egin behar dugu: galdera ez da zelan joan den murrizten euskal hiztunon eremua, baizik eta zelan lortu den hainbeste urtetan euskarak irautea. Biziraupenaren paradigmatik ikusi beharko dugu, gure hizkuntzak nola lortu duen bizirautea, ofizialtasunik barik eta bertoko agintariek bazter batean utzi dutenean. Gakoa hiztunen borondatean datza, baina horrek bakarrik ez du bermatzen zabaltzea.

2015(e)ko otsailaren 22(a), igandea

BA...BAIren 11.egunpasa

17 BA..BAI kide batu ginen atzo gure 11. topaketa egunean: Josune, Juanita, Maria Luisa, Karmelo, Ani, Marije, Juan Kruz, Jose Luis, Mari Jose, Mari Karmen, Maribi, Jose Luis, Juan Mari, Agustin, Jon Etxebarria, Jon Gorroño eta Mari Asun.
Auzokoa tabernan alkartu, tragotxo bana hartu eta kontu kontari egotalditxoa egin ondoren, Arrien tabernara joan ginen. Han be beste egotalditxo bat egin eta gero Harizpe txokora abiatu ginen ordu biak inguruan.
Ordurako lagunarteko emakume fin batzuek mahaiak egoki ipinita eukezan; beraz, jarri eta (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) abestu ondoren, emon geuntsan hasiera bazkariari: patatak errioxar erara eta makailoa errioxar ardauaz lagunduta; eta gero tostadak, kafeak eta pattarra.  Guzti honeri, bakoitzak gainezka geunkan umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto: berbea ugari izan zen gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz. Jan eta kafeak hartu bitartean bakoitzak bere ingurukoekaz ekin eutsan berbaz eta berbaroa etenbakoa eta animatua izan zan. Eta kontuak eta hurrengo topaketa eguneko zehaztasunak be une horretan erabaki genduzan.
Ondoren gai potoloagoak izan genduzan berbabide, komunikabideetatik jasotako gogoetak erreferentziatzat hartuta. Ea hareetako batzuk zuzen jartzeko gai nazen. Beste kontu interesgarri batzuk be izango ziren, seguru; baina nire ahalmena ez da iristen hurrunago.
- Jose Luisek munduko 7.000 hizkuntzen artean euskera ze eskalatan jarriko geunken galdetu euskun, Kike Amunarrizek behin Tribuen Berbak programan egin eban lez; eta danen usteak izan ondoren, euskera goi mailan, lehen 700 hizkuntzen artean, dagoeala esan euskun. Gero Jon Sarasuaren basu erdiaren kontua be azaldu euskun.
- Kikeren iritzia aipatuz, esan zan baita ere euskararen berrezkuratze prozesua erreferente dela munduan, hizkuntza minorizatuentzat. “Gutxiengo aktibo hori benetan aktibo da Euskal Herrian, eta horrela lortu dugu lortu duguna. Bada, munduko hizkuntza gutxituen artean –katalana aparte–, euskara da erreferentzia nagusia!”. Eta gure BA…BAI lagunartea be gutxiengo aktibo horren parte dala argi gelditu zan.
- Ikuspegi baikor edo positibo horrek inora ez garoazala ere esan eben pertsona bik, euskaldun askoren eta erakunde publikoen jarrera axolagabea kontuan izanik. Horren aurrean beste batek Kike Amunarrizek esandako hau aipatu eban: “Errealitatea dena da, eta kontatu egin behar da, baina egoera edozein delarik ere, baikorra da jarrera (Tribuen Berbak programan) eta horrela irabazten dira partidak”.
- “Alderdi abertzaleetan, oro har, beti daude euskara eta euskal kultura baino aurreragokotzat jotzen diren borrokak. Hizkuntza eta kultura ez badituzu zentraltzat kontsideratzen komunitate baten eraikuntzan, edozer da garrantzitsuago, beharrezkoago. Hizkuntza eta kultura eguneroko bizitzatik hain aparte, hain dekoratibo ikustea larria da, zeren jan edo ez jan, osasuntsu egon edo gaixo, hitz egin egiten da hizkuntzaren batean. Hizkuntza bati ematen ez diozuna beste bati (erderari) ari zara ematen” (Lorea Agirre).
- Zelan jokatu euskaldun lez zapalduak sentitzen garenean? Zelan jokatu euskeraz ulertu bai, baina erderaz egiten deuskuenagaz? Holako kasuetan protestatzeko edo jokatzeko era ezberdinak eta baliagarriak egon daitezke, bakoitzak bereak izaten doguz. Baina gure artean holako esperientziak kontatzea eta izandako jokabideak konpartitzea probetxugarria izan daiteke. Zelan jokatu tabernan edo dendan, euskeraz eskatu eta erantzun txar bar jasotzen dogunean? Arreta gune publikoetan, euskaldunik ez dagoenean? Eta beste hainbat egoeretan? 
- “Askotan ikusten dudan arazo psikiatrikoa da guraso euskaldunak haien artean erdaraz egiten dutela eta gero haurrak euskaraz hitz egitera behartzen dituztela. Esaten dute hizkuntza maite dutela, baina egunerokoan erdararen aldeko hautua egiten dute. Nik ez dut esaten euskara maite dudala, esaten dut euskaraz hitz eginez gozatzen dudala eta horrekin koherentea naizela, besterik ez” (Karlos Cid Abasolo).
- Baina interesgarria litzateke baita be jakitea zergatik jokatzen daben guraso askok holan? Hain inkoerenteak eta burubakoak dira? 
Elkarrizketa mamitsu horri ekin ondoren, abestu be gogotsu eta pozik egin gendun; eta seiak eta erdiak inguruan emon geuntzan amaiera gure egunpasa ederrari.
Hurrengo egunpasan EUSPOZ eta BA..BAI batera izango gara ekainaren 6an: Gernikan 12:00etan alkartuko gara eta Omako txokoan izango dogu bazkaria.

Gernikan, 2015ko otsailak 21

2015(e)ko urtarrilaren 16(a), ostirala

EUSPOZ - 12. egunpasa

2014ko urtarrilaren 14an Loli, Matxalen, Mari Karmen, Mikel Arginarena, Lore, Gabriel, Tere, Jose Mari, Juan Kruz, Arantza, Marije eta Ani izan ginen  EUSPOZen 13. egun pasan.
Taldetxo bat Arte Ederretako museoan batu ginen; eta han parte barriko margolan eta eskultura ederrak ikusi genduzan, gure arteko kontuak eta komentarioak trukatuz. Gero metroa hartu eta Santutxuko Garoa txokora joan ginen; han bazkari prestatzaileek fin fin ebiltzan. Gerotxoago beste batzuk ere iritsi ziren eta hamar izan ginen bazkaltzen. 
Ordu bi eta erdiak aldera emon geuntzan hasiera bazkariari, Topa dagigun abestuz; entsalada, almondigak, eta pastela eta sagar erreak izan genduzan bazkaltzeko, Errioxar ardoarekin lagunduta; kafe ordurako beste bi be agertu ziren, euren amama beharrak eginda. Eta giro lagunkoi gozoan hainbat kontu izan genduzan, bai bazkaritan eta ondoren:
- Alli-koa zala eta, hango batek Guardia Zibilarekin izandako arazoa.
- Euskal izenen erderazko bertsioa eta jatorria: Aizpe biak – Las dos hermanas; Batekdakita; Hordokiturria; Arripe – Arriba.
- Aurreko zapatuko manifestazioa eta Asteleheneko atxiloketak.
- Euskara batua eta hartan Txilardegik eta Mitxelenak izan eben egitekoa.
- Gutako batek Eroski supermerkatu baten eragin eban jente ilara, bertako produktuen propaganda erdera hutsean zala ta.
- Euskaldun barrien meritua eta Tribuen Berbak programan izan eben aipamena; oraindik gehiago merezi dabela be esan zan.
- Carlos Cid dalata, Argian berari egindako elkarrizketa komentatu zan: Euskadi Irratiko tertuliakide Amurizarekin; alabari euskaraz eta honek erderaz.
- Carlos Ciden eta alabaren kasua zala eta, beste esperientzia batzuk: amama batek, ilobak beti erderaz erantzuten eutsala eta, euskeraz egiten ipini ebanaren kasua; gutako baten erantsuna eta horren eragina, lobak ea erderaz zergatik ez eutsan egingo esan eutsanean. Edozelan ere holako kasuetan kontu handiz jokatu behar dala esan zan.
- Mikelek Jubilatuak martxan plataformaren jarduna eta asmoak zehaztasun handiz kontatu euskuzan.
Beste hainbat pasadizo eta kontu ere izan zan gure artean; guztiak jakiterik ez dago, albokoagaz edo aurrekoagaz be hainbeste kontu izan ziralako.      

Bostak eta erdiak aldera amaitu gendun gure 13. topaketa hau eta hurrengoa Gernikakoekin batera egitekotan gelditu ginen, Omako eskola-txokoan bazkalduz. 

2014(e)ko urriaren 19(a), igandea

BA...BAI-10.egunpasa

15 BA..BAI kide batu ginen atzo gure 10. topaketa egunean, beste 4k ezin etorria agertu eben; hauek izan ginen batutakoak: Josune, Juanita, Maria Luisa, Karmelo, Ani, Marije, Juan Kruz, Fernando Bilbao, Mari Jose, Mari Karmen, Maribi, Jose Luis, Jon Enbeita, Agustin eta Jon Etxebarria.
Hamabietan Auzokoa taberna aurrean alkartu eta, mahai baten inguruan jarrita tragotxo bana hartuz, kontu kontari egotalditxoa egin ondoren, Arrien tabernara joan ginen. Hango arkupean be patxadaz jarrita beste egotalditxo bat egin eta gero Muxikako Kolakaine txokora abiatu ginen ordu biak inguruan.
Han batzuk entsalada prestatu eta makailoa berotzen eben bitartean (Juanita bazkidea buru zala), beste batzuk mahaiak egoki ipini eta haiek hornitzeari ekin geuntsan.
Gero mahaiaren inguruan zutunik topa eginez  (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) emon geuntsan hasiera bazkariari: entsalada, makailoa (pil-pilean eta Bizkai erara), errioxar ardaua, mahatsa eta kafeak. Guzti honeri, bakoitzak gainezka geunkan umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto: berbea ugari izan zen gure artean, umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz.

Jan bitartean bakoitzak bere ingurukoekaz ekin eutsan berbaz eta berbaroa etenbakoa eta animatua izan zan. Gero kafeak eta txupitoen batzuk hartzen genituen bitartean gai potoloagoak izan genduzan berbabide; batzuk aipatuko dodaz hemen, interesgarriak iruditzen jatazalako eta guztiotan izan direlako protagonista lagunarte honetako bat edo beste. Beste kontu interesgarri batzuk be izango ziren, seguru; baina nire ahalmena ez da iristen hurrunago.

- Marivik Muxikako San Romaneko dorretxeari, Urkietako arteari eta Ugarteko San Bizente elizari buruzko informazioa banatu euskun.
- Seber Altube ikastolaren hasierako gertaera batzuk kontatu ebazan Josunek.
- Gure ume eta gazte denboran hemengo gerrari buruz izan gendun informaziorik eza komentatu zan; bertan hainbeste sufritu eben gurasoek ez euskuen ia ezer kontatzen. Zergatik?
- Euskera Madrilen kontrolpean badago, ez dagoela zereginik esan zuen batek;  beste batek gure kontrolpean ere badagozala gauza batzuk. Independentzia lortzeak ez dakar euskera salbatzea, nahiz eta lagundu leiken; Irlandan gaelikoaren kasua aipatu zuen batek.
- Euskeraren aldeko borroka besteen kontra edo norberarenaren alde egin daiteke; besteenaren kontra egiteak besteak txar egiten ditu. Guk ez daukagu erderaren kontra ezer, baina euskeraren alde egiteak, besteen kontra egitera eroaten gaitu batzutan.
- Batzuetan jendeak, esaterako ikasle gazteek, hizkuntzak nahastu egiten ditu (euskeraz esaldi batzuk, erderaz beste batzuk). Hori gertatzen da ingurune batzuetan euskeraz egiten dabelako eta beste batzuetan erderaz (familian, lagunartean, unibertsitatean…). Hizkuntza bat baino gehiago jakitea aberasgarria da, baina une bakoitzean ze hizkuntza erabiltzen den jakitea litzateke kontua eta ez dana nahastatzea. Hori nagusiagoei ere gertatzen jaku; lanean gazteleraz egiten bada, laneko gaiak urtetzen direnean hizkuntza horretara jotzen dogulako; esaterako, matematikako eragiketak eta zenbakiak erderaz esateko joera dogu, holan ikasi gendulako.
- Euskara abertzaletasunagaz lotzea ez dala komeni esan zan, herri osoaren altxorra dalako; euskerak politikaren gainetik egon behar duela
- Jose Luisek esan zuen behin irratiako tertulia batean entzun zuela euskerarentzat garrantzitsuagoa zela ergatiboa ikurrina baino; orduan batek esan eban ergatiboa gure hizkuntzagaz zuzen zuzenean dagoala lotuta eta ikurrina politikagaz.
- Kike Amunarrizek euskararen etorkizunari buruzko alkarrizketa batean aipatzen eban paradigma aldaketaren beharrizanaz ere egin zan berba: 80ko hamarkadan euskera ikasteak berarekin erabilera ekarriko zuela uste zala, baina horrek huts egin duela eta gaur egun batez ere erabilpena (erabilpen eskasa) dala kezka eta horri  aurkitu behar deutsagula irtenbidea. 
- Uda honetan Berrian agertu ziren euskerari buruzko elkarrizketetan euskeraren arnasguneak (UEMA, gurea bezalako taldeak….) ere aipatzen ziren eta horretaz ere egin gendun berba. Esaterako, herri eta hirigintza plangintzak egiterakoan euskeraren egoera, ekologia eta beste arlo batzuk lez, kontuan hartzeko joera indarra hartzen ari dala esan eban batek.
- Euskera salbatu daiten euskera egin beharra larregi azpimarratzen dala be esan zan, eta gure hizkuntza beste era batera bizi behar dogula, hau da, euskeraz egitean gustura eta pozik  sentituz; ilusioz ikusi behar dogula euskeraren etorkizuna; eta batek esaldi hau bota eban: euskeraz geu gara.
- Euskal produktuak gehiago kontsumitu behar doguz. Gehienbat erderazko telebista ikusten, erderazko egunkariak eta liburuak irakurtzen, erderazko zinema eta antzerkia ikusten…ohituta gagoz gehienok eta ohitura hori aldatzea kosta egiten jaku. Egia esan, sarritan erderazko produkzioa kalitate gehiagokoa da, baina ez beti. Esaterako, Gernikan kalitatezko antzerki lanak emoten dira euskeraz eta oso jende gutxi joaten da hareetara; Hamaika telebista ere kalitatezko telebistatzat aipatu zuen batek; Muxikako andrak antzeztutako antzerki lanaren arrakasta be aipatu zan.
- Euskarazko produktuak kontsumitzeko gaitasunean badauka zer ikusia euskeraz alfabetatuta egoteak ere eta zoritxarrez euskaldun asko analfabetoak gara geure hizkuntzan, erderaz eskolaratu gintuztelako derrigorrez. Ahalegintxo bat bai egin beharko geunke euskeraz alfabetatzen, orduan euskaldun osoagoak izango ginelako eta horrek gure harrotasuna handituko lukeelako.   
Luze ekin geuntsan elkarrizketa horri, eta abesteko astirik be ez gendun izan, orduak aurrera joiazan eta; diru kontuak egin eta hurrengo topaketarako eguna eta lekua erabagi genduzenerako 18:30ak ziren. Hurrengoa be Kolakaine txokoan izango da datorren urteko otsailaren 7an.

Hemen klikatuz, arnasguneei buruz Marivik komentatu zuen artikulua osorik irakurri daiteke.  
http://www.argia.eus/argia-astekaria/2410/hizkuntza-eta-lurralde-antolaketa

Muxikan, 2014ko urriaren 19an