Iritzia

Artikuluak

EGIAN EUSKARAZ

Lutxo Egiak hasitako bideari jarraitu diote Donostiako Egia auzoan: euskara hutsean bizitzeko ahalegina egin dute berrehun lagunek baino geh...

Kategoriak

2014(e)ko maiatzaren 31(a), larunbata

EUSPOZ- 10. EGUNPASA

2014ko maiatzaren 29an Mikel Garmendia, Arantza, Jose Mari, Marije, Juan Kruz, Maialen, Mari Karmen, Mikel Arginarena, Lorea, Pilare eta Ani izan ginen  EUSPOZen 11. egun pasan. Besteak ezin izan eben etorri. Ea hurrengoan danok batzen garen.
Arriaga plazan alkartu eta Erreixoaren ondotik joan ginen kontu kontari Deustuko Euskararen Etxea bisitatzera. Han Olaiz izan gendun gidari. Hasteko bideo labur bat erakutsi euskun Euskararen Herrian murgiltzeko. Ondoren alboko gelara, nazara, zuzendu ginduzan eta han euskeraren tren biren leihatilak erakutsi eta azaldu euskuzan:


Lehenengo trenean “Euskara, Bat eta Asko” eta bigarren trenean “Atzo eta Gaur”. Benetan ere azalpen interesgarria, irudi dotorez lagunduta.
Handik metroz joan ginen Santutxuko Garoa txokora eta han janariz eta edariz ondo hornitutako mahai karratua izan gendun zain, Santutxuko Euspozkideek maitasun eta goxotasun handiz prestatua: askotariko entsalada, tomate saltsaz eta piper gorriz hornitutako maruka zaporetsua, eta postrerako kerizak eta pastela; hori errioxar ardo ederraz lagunduta, azkenik kafea.  Hori dana eta lagunarte umoretsua, zer gehiago behar da ondo pasatzeko!!


Gainera Mikel Arginarenak bere Neronek Bizi Izandakoa liburua aurkeztu euskun; horrek ikastolen inguruan bakoitzak izandako bizipenak azaleratzeko aukera ere emon euskun.


Pena izan zan denbora igarri barik joan jakula eta Pilareren kopla idatziak kantatu, kontuak egin eta bakoitzak bere zereginetara joan behar izan gendula. Ea hurrengoan astitsuago ibilten garen eta gure egunpasa atsegin hauek apur bat gehiago luzatzerik dogun.



Hurrengoa urriaren 8an egitekotan gelditu ginen; beraz, data hori ipini daigun ondo ikusteko eta gogoratzeko lekuan.    


EUSPOZ TALDEKO  BATZARRA BILBON
2014KO MAIATZA

Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Euskal ondarearen
azalpen ta abaro,
Euskarari babesa
eskainiz oparo.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Euskaraz Bizi eta
baita Berbagune,
euskal munduaz goza
gizon emakume.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea. 
Euspoz kide jatorrok
zelan bizi gara?
aurpegi  alai asko
ona da islada.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Maharen inguruan
hemen bada giro,
ANIk antolatuta
Koodinatu gero.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Santutxuko txokoa
Klasiko bihurtu,
Leku zoragarria
Gu gaude kontentu.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea. 
Arrain ta entsalada
sabela betetu,
kantu eta kontuak
euskal sentimentu.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Eskerrik beroenak
Loli,Mikel Lutxi.
aterpe Ederra ta
plater eta ontzi.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Hurrengo bilkuraren
data eta gidoi,
proposamak egin
laguntxuok otoi.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea. 
Oraingoan hirian
Bilbo ederrian,
Hurrengoa  agian
Mendi ohianian.
Bilbo barruan EUSKARA  ETXEA
Euskaldun oro bertoko jabea.
Laztan bana denoi
agur ondo bizi,
zuekin izatea
ohore eta grazi. 

PILARE BARAIAZARRA, EUSPOZ TALDEKIDEA



2014(e)ko otsailaren 16(a), igandea

BA...BAI eta EUSPOZ batera

Atzo BA…BAI eta EUSPOZ lagunarteak batera alkartu ginen, guztira 24: Jon Etxebarria, Juanita, Mikel Garmendia, Tere, Maria Luisa, Karmelo, Pilare, Gabriel, Ani, Juan Mari, Mari Karmen Goiriena, Lorea, Marije, Maria Asun, Jon Enbeita, Jose Agustin, Matxalen, Loli, Juan Kruz, Fernando Garate, Jon Bilbao, Jon GorroƱo, Mari Karmen Gainza eta Maribi; seik edo ezin izan eben etorri, baina egon ginenok egun ederra pasatu gendun Forun eta Gernika-Lumon.
Hasteko Gernikako tren geltoki ondoko plazatxoan batu ginen 17 pertsona eta handik Forura joan ginen kontu kontari, San Martin elizaraino; eguraldia be ondo portatu jakun, nahiz eta euria iragarrita egoan;  han Jesus Mari abade frantzizkotarrak egin euskun harrera eta eliza azpiko ondare historiko interesgarria erakutsi eta azaldu, erromatarren garaitik hasita garai ezberdinetako aztarnak dagoz bertan eta. 

 Gero erreixo ondotik egin gendun Gernikarako bidea, inguruko padurak ikusiz; han zehar gure taldeko Maribik erakutsi euskuzan inguru hartan zabaldu diren bedar eta zuhaizka hondatzaileak eta lasai lasai iritsi ginen Auzokoa tabernaraino; han alkartu ginen beste guztiekaz eta trago bana hartuaz  jarraitu gendun gure zeresanak trukatzen. Beste taberna bat be bisitatu gendun, baina kalean egoteko be sasoi ona egoanez, batzuk barruan eta beste batzuk taberna aurrean ekin geuntzan mingainari eragiten, umore onean eta gustura.
Bakeleku txoko dotorera ordu bi eta erdiak inguruan heldu ginen eta han ebiltzan gure sukaldari Jon eta Fernando biak entsaladari azken ikutuak emoten; mahaiak ere lauki perfektuan eukezan ipinita, danok aurrez aurre egoteko moduan.
Zutunik eta edalontzi beteak eskuan topa eginez  (Euskeraz bizi ta tinko / hango eta hemendiko / topa dagigun eta bakean / bizi gaitezen betiko) emon geuntsan hasiera bazkariari: entsalada ondo hornitua, makailoa (Pil-pilean eta Bizkaiko erara), errioxar ardaua, pastelak eta kafeak. Guzti honeri, bakoitzak gainezka ekarri eban umore ona eta alkarregaz ondo pasatzeko gogoa gehituz, dana konpleto.
Bazkal ostean lehenengo eta behin bakoitzak bere burua aurkeztu eban besteen aurrean eta ondoren alkarrizketa sakonari ekin geuntzan. Jon Sarasuaren Hiztunpolisa atxakitzat hartuta, gogoeta eta kontu interesgarriak aipatu genduzan:
- Topaguneak garrantzitsuak direnez euskerarentzat eta gu ere topagunea garenez, hau zabaltzen ahalegindu beharko ginateke.
- Patxi Lehendakariari buruzkoak: Idahon “Yo no necesito traductor…” esan ebanekoa; Zamudion “Nik euskera, zuk zergatik ez” kanteu eutsenekoa.
- Eskeraren berrezkurapenean protagonismoa euskeraren aldeko herri mugimenduak eta erakundeek izan behako leukela argi gelditu zan; baina administrazioarekin eta politikoekin kontatu behar dela, diru laguntzak lortzeko eta haiek ere euskeraren alde inplikatzeko. Administrazioak ere hainbat gauza egin dauala euskeraren alde esan eban pertsona batek.
- Euskeraz dakienek erderaz egitearen arrazoiak ere harilkatu ziren apur bat: euskeraz egiteko erreztasun falta; erdera erabiltzea modan egotea... Euskaldun osoa izatearena ere aipatu zan; eta baita euskera erabiltzeko motibazioa eta kontzientzia behar zirela ere. Orduan batek bota eban: euskeraz egiteko kontzientzia behar da ala ohitura?
- Batzuetan gaien arabera hizkuntza bata edo bestea erabiltzen da; esaterako telebista erderaz entzun bada edo lanean erderaz egiten bada, gai horrei buruz erderaz egingo da, nahiz eta beste gai batzuei buruz euskeraz egin.
- Kike Amunarrizen programan Bilbori buruz esandakoa be aipatu zan: Euskal Herrian euskeraz gehien egiten dan herria edo hiria da Bilbo.  Sarritan Bilbora joaten garenean eta ezezagun bateri berba egiterakoan geuk be oker jokatzen dogu, erderaz hasten garelako, eta euskeraz egin ezkero sorpresa atseginak ere hartzen dira, ulertzeko beste jente askok dakielako; esaterako gaur egun Atletikeko jokalarien seitik lauk badakie euskeraz.
- Euskeragaz lotuta joan behar da euskal kultura be eta hori ahaztu egiten dogu sarritan.
Honen ondoren Pilarek topaketa honetarako prestatutako bertsoak abestu genduzan danon artean. Bestalde Mikelek eta Lolik sehaska kantu bat abestu euskuen duora eta Jon Enbeitak bere hiru kantu. Gero, barriro be danon artean, kanteu genduzan gure liburuxkako abesti batzuk. Eta tarteka izan eben bere lekua txisteak eta pasadizoak be.
Beraz, berba eta kanta ugari izan zan gure artean,  umorea, ironia eta seriotasuna txandakatuz; izan gendun giro atsegin eta bete beteak argi erakusten dau Euskeraz Bizi lagunarte biok osasuntsu eta gogotsu dagozala.
Ondoren kontuak egin eta bakoitzak berea ordaindu, eta lagunarte bakoitzak bere hurrengo zita eguna zehaztu ondoren, arratsaldeko 7ak inguruan agurtu gendun alkar.



2014(e)ko urtarrilaren 10(a), ostirala

EUSKARAREN BIRIKAK PUZTEN

Euskararen arnasguneak, euskarak nagusitasuna duen eremuak, indartu asmo ditu Kontseiluak, eta prozesu bat abiarazi du. Babestea ez, lehentasuna arnasguneak hedatzea dela diote. Herritarrak inplikatu nahi dituzte.

Bideo bat egin dute, arnasguneei buruzkoa, eta tailerrak egiten ari dira herriz herri, jendeak gaiari buruzko gogoeta egin dezan eta sakontzeko proposamenak abia ditzan. «Izan ere, indartze bat etorriko da instituzioetatik, baldin eta sozialki bultzatzen bada, eta bai euskalgintzak eta bai eremu euskaltzaleak eragiten badute». Horregatik, tailerren bitartez «kontzientziak pizten» ari dira, jendea «ahalmentzen». «Haiek izan daitezen aldaketen bultzatzaile eta probokatzaile». Tailerra arnasgune diren udalerrietan egiten ari dira. 
Uemaren asmoa da mankomunitatean sartutako udalerri guztietan tailerra ematea, eta jada egin dute hainbat tokitan. Tailerra eremu erdaldunagotako udalerritarako ere «egokitzea» buruan dute orain. Oraingoz egin dituzten tailerretan «sorpresa nahiko ona» hartu dutela dio Salaberriak. «Ekarpen eta proposamen dezente etorri dira», azaldu du. «Esperientzia baikorrak izan dira, eta jarraibidea izateko asmoa dute esperientzia gehienek».
Arnasguneen lanketan sakontze aldera, Kontseilu barruan egiten ari diren lanaz aparte, harremanetan dira Gipuzkoako Foru Aldundiarekin Arnasguneak hedatuz izeneko proiektuan. 

Gehiago: Berria, 2014-urtarrila-7

2013(e)ko urriaren 18(a), ostirala

HIZKUNTZA ESKUBIDEAK eta GU

Aspertuta ez ezik, nazkatuta ere banago. Noiz arte agoantatu behar dugu euskaldunok Kutxabankek egiten digun burla? Zeren, burla, iseka, irri egiten digute Kutxabankeko bulego batera joan eta «no te entiendo» esaten digutenean. Hori da atzo bertan Irungo Kutxabanken bulego nagusian gertatu zitzaidana; nire txanda heldu zenean, euskaraz ez zekiela eta euskaldun bat libre egon arte itxaron behar nuela esan zidaten.
Kutxabank euskaldunon etsaia da; bestela, ez da ulertzen nola, gaur egun, euskaraz ez dakiten langileak jar ditzaketen leihatiletan, edo jendearen harrerarako bulegoetan.
Ez da langilearen errua, edo bai? Hark lan egiteko eskubidea badu, nola ukatu, baina, Euskal Herrian bi hizkuntza ofizial daudela eta jendearen aurrean lan egiteko biak menperatu behar direla jakin beharko luke, edo ez? Berrogeita hamar urtetik gora dira ikastolak martxan jarri zirela, beste hainbeste gau eskolak, HABE, AEK eta abar... Honez gero, ikasi ez duenak nahi izan ez duelako da, ez dago besterik.
Bitartean, gu zertan ari gara? Hori guztia agoantatzen jarraitu behar dugu? Non daude gure eskubideak? Oso polita da Euskaraz bizi nahi dut leloarekin joatea, baina gero, hala bizitzeko aukera kentzen digutenean, isil-isilik gelditzen gara.
Nahikoa da! Edo gure hizkuntza eskubideak errespetatuak izan daitezen exijitzen dugu, edo jai dugu.

Joxan Garaialde, Irun. Berria, 2013-Urria-16